banner12.jpg

Berriak

HAZIk Gastronomia solidario programan Eusko Label produktuak eskiniko ditu

Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek Gastronomia Solidarioa proiektua aurkeztu du gaur goizez, Donostiako Cebanc Ostalaritza Eskolan egin den ekitaldian. Proiektu honetan sukaldaritzako, eta okintzako eta gozogintzako heziketa-zikloak ematen dituzten Lanbide Heziketako sei ikastetxek hartzen dute parte. Ekitaldian, sailburuarekin batera, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea ere egon dira, Eusko Jaurlaritzako honako hiru sail hauek sustatzen duten lankidetza-proiektua baita hau: Hezkuntza Sailak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak.

Datozen hilabeteetan, Gastronomia Solidarioa proiektuan parte hartzen duten ostalaritza-eskoletako ikasleek eta irakasleek menuak prestatuko dituzte, pandemia honetan zehar elikagaiak eskuratzeko arazo handienak dituzten pertsonen artean banatzeko. Lanbide Heziketako ikastetxeez gain, eginkizun honekin bat egin dute banaketaren sektoreko enpresa garrantzitsuek edo Hazi Fundazioak. Erakunde horiek proiektu solidario hau aurrera eramateko behar den lehengaia jarriko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Elikagaien Bankua, gainera, menuak beharra duten pertsonengana helarazteaz arduratuko da.

Astean mila menu

Martxoan hasi eta ekainera bitartean, ekimen solidarioan parte hartzen duten ostalaritza-eskolek menuak prestatuko dituzte, ondoren, elikagai premia handienak dituzten pertsonen artean banatzeko. Astean mila menu inguru prestatuko dituzte, eta lan horretan Euskal Autonomia Erkidegoko sei Ostalaritza Eskolatako 400 ikasle eta 50 irakasle baino gehiago inplikatuko dira modu aktiboan. Erdi eta Goi Mailako zikloetako ikasleak dira: Sukaldaritza eta Gastronomia, Okintza eta Gozogintza, eta Sukaldaritza Zuzendaritza zikloetakoak.

Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak) koordinatuta, ziklo horiek ematen dituzten Lanbide Heziketako honako ikastetxe hauek hartuko dute parte esperientzia honetan:

  • Galdakao Ostalaritza Eskola
  • Leioako Ostalaritza Eskola -Bilboko Ostalaritza Eskola (Artxanda)
  • Gamarrako Ostalaritza Eskola (Vitoria-Gasteiz)
  • Egibide Ostalaritza Eskola (Vitoria-Gasteiz)
  • Cebanc Ostalaritza Eskola (Donostia)

Baina ez daude bakarrik proiektu hau aurrera ateratzeko garaian. Edozein plater prestatzeko unean lehengairik onenak edukitzea beharrezkoa den bezala, menuak zapore solidarioa har dezan, lehen mailako hornitzaileen laguntza —eskuzabala— behar da. Kasu honetan, Gastronomia Solidarioa proiektuak banaketaren sektoreko enpresa garrantzitsuen (Eroski, BM eta Makro) laguntza du, baita Eusko Label zigiluaren kalitate-bermea ere:

HAZIk  ekimena aurrera ateratzeko, Eusko Label zigilua duten goi-mailako nekazaritzako elikagai ugari jarriko ditu, Ostalaritza Eskoletako sukalde eta lantegietan eraldatzeko:

  • Idiazabal gazta Lekaleak (1.850 kg)
  • Arabako garbantzua (700 kg),
  • Arabako Babarrun Pintoa (800 kg)
  • Arabako Arrozina Babarruna (350 kg)
  • Eusko Label gariz egindako irina (350 kg)
  • Arabako patata (1.400 kg)
  • Gesaltzako gatza (63 kg)
  • Fruta-prestakina (Euskal Baserri sagar+ kiwi purea) (350 kg)

Eroski: proiektuan parte hartzen duten Lanbide Heziketako ikastetxeei 12.000 euroko txartel solidarioak eman dizkie. Ostalaritza Eskola bakoitzak menuak prestatzeko behar duen lehengaia Eroskiren supermerkatuetan erosi ahal izango du txartel horiek erabiliz.

BM Supermerkatuak: proiektua aurrera eramateko lekaleak (840 kg dilista, 8.400 errazio prestatzeko), pasta (800 kg espageti, 8.000 errazio prestatzeko), zukuak eta madalenak jarri dituzte.

Makro: ostalaritzarako banaketa-enpresak elikagaiez gain, menuak kontserbatzeko ontziak ere jarriz laguntzen du. Baina menu solidario hauek ezaugarri duten lankidetzaren osagaia ez da horretara mugatzen. Euskadiko Elikagaien Bankua, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin, kate honetako beste katebegi garrantzitsu batez arduratuko da: menuen banaketaz. Ostalaritza-eskoletan prestatutako jakiak bildu eta hauek jaso behar dituzten pertsonei helarazteaz arduratuko da elkarte hori. Banaketa egiteko ontzi biodegradagarriak erabiliko dira.

Balioen inguruko prestakuntza

Premia handiena duten pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, Lanbide Heziketako arloen eta ikastetxeen arteko lankidetza-sare bat osatzeko ere balio du proiektu honek, menuak prestatzeko elikagaiak ematen dituzten banaketa-enpresak eta banaketan lagun izango diren gizarte-erakundeak ere ondoan daudela ahaztu gabe. Halaber, menuak prestatzen dituzten bitartean, Lanbide Heziketako ikastetxeetako sukalde eta tailerretara balioen inguruko prestakuntza eramateko —zeharka— aukera bikaina da, ikasleekin hainbat giza balio landuz, adibidez, elkartasuna, gizarte-konpromisoa, erantzukizuna edo enpatia.

Elkartasun-proiektu honen barruan, gainera, Cebanc Ostalaritza Eskolako ikasleek kontzientziazio-jardunaldi batean hartuko dute parte. Bertan, Caritas erakundeko hezitzaileen eskutik, euren hiri berean bizi diren eta prestatutako janari solidarioa jango dute gazte askoren eguneroko errealitatea ezagutuko dute.

Horren haritik, azpimarratu behar da, ekimena NBEren 2030 Agendaren 2., 10. eta 12. Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorrela: Zero Gose (2. helburua); Desberdintasunak Murriztea (10. helburua); Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua (12. helburua).

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola