banner12.jpg

Berriak

HAZIk Gastronomia solidario programan Eusko Label produktuak eskiniko ditu

Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek Gastronomia Solidarioa proiektua aurkeztu du gaur goizez, Donostiako Cebanc Ostalaritza Eskolan egin den ekitaldian. Proiektu honetan sukaldaritzako, eta okintzako eta gozogintzako heziketa-zikloak ematen dituzten Lanbide Heziketako sei ikastetxek hartzen dute parte. Ekitaldian, sailburuarekin batera, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea ere egon dira, Eusko Jaurlaritzako honako hiru sail hauek sustatzen duten lankidetza-proiektua baita hau: Hezkuntza Sailak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak.

Datozen hilabeteetan, Gastronomia Solidarioa proiektuan parte hartzen duten ostalaritza-eskoletako ikasleek eta irakasleek menuak prestatuko dituzte, pandemia honetan zehar elikagaiak eskuratzeko arazo handienak dituzten pertsonen artean banatzeko. Lanbide Heziketako ikastetxeez gain, eginkizun honekin bat egin dute banaketaren sektoreko enpresa garrantzitsuek edo Hazi Fundazioak. Erakunde horiek proiektu solidario hau aurrera eramateko behar den lehengaia jarriko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Elikagaien Bankua, gainera, menuak beharra duten pertsonengana helarazteaz arduratuko da.

Astean mila menu

Martxoan hasi eta ekainera bitartean, ekimen solidarioan parte hartzen duten ostalaritza-eskolek menuak prestatuko dituzte, ondoren, elikagai premia handienak dituzten pertsonen artean banatzeko. Astean mila menu inguru prestatuko dituzte, eta lan horretan Euskal Autonomia Erkidegoko sei Ostalaritza Eskolatako 400 ikasle eta 50 irakasle baino gehiago inplikatuko dira modu aktiboan. Erdi eta Goi Mailako zikloetako ikasleak dira: Sukaldaritza eta Gastronomia, Okintza eta Gozogintza, eta Sukaldaritza Zuzendaritza zikloetakoak.

Tknikak (Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak) koordinatuta, ziklo horiek ematen dituzten Lanbide Heziketako honako ikastetxe hauek hartuko dute parte esperientzia honetan:

  • Galdakao Ostalaritza Eskola
  • Leioako Ostalaritza Eskola -Bilboko Ostalaritza Eskola (Artxanda)
  • Gamarrako Ostalaritza Eskola (Vitoria-Gasteiz)
  • Egibide Ostalaritza Eskola (Vitoria-Gasteiz)
  • Cebanc Ostalaritza Eskola (Donostia)

Baina ez daude bakarrik proiektu hau aurrera ateratzeko garaian. Edozein plater prestatzeko unean lehengairik onenak edukitzea beharrezkoa den bezala, menuak zapore solidarioa har dezan, lehen mailako hornitzaileen laguntza —eskuzabala— behar da. Kasu honetan, Gastronomia Solidarioa proiektuak banaketaren sektoreko enpresa garrantzitsuen (Eroski, BM eta Makro) laguntza du, baita Eusko Label zigiluaren kalitate-bermea ere:

HAZIk  ekimena aurrera ateratzeko, Eusko Label zigilua duten goi-mailako nekazaritzako elikagai ugari jarriko ditu, Ostalaritza Eskoletako sukalde eta lantegietan eraldatzeko:

  • Idiazabal gazta Lekaleak (1.850 kg)
  • Arabako garbantzua (700 kg),
  • Arabako Babarrun Pintoa (800 kg)
  • Arabako Arrozina Babarruna (350 kg)
  • Eusko Label gariz egindako irina (350 kg)
  • Arabako patata (1.400 kg)
  • Gesaltzako gatza (63 kg)
  • Fruta-prestakina (Euskal Baserri sagar+ kiwi purea) (350 kg)

Eroski: proiektuan parte hartzen duten Lanbide Heziketako ikastetxeei 12.000 euroko txartel solidarioak eman dizkie. Ostalaritza Eskola bakoitzak menuak prestatzeko behar duen lehengaia Eroskiren supermerkatuetan erosi ahal izango du txartel horiek erabiliz.

BM Supermerkatuak: proiektua aurrera eramateko lekaleak (840 kg dilista, 8.400 errazio prestatzeko), pasta (800 kg espageti, 8.000 errazio prestatzeko), zukuak eta madalenak jarri dituzte.

Makro: ostalaritzarako banaketa-enpresak elikagaiez gain, menuak kontserbatzeko ontziak ere jarriz laguntzen du. Baina menu solidario hauek ezaugarri duten lankidetzaren osagaia ez da horretara mugatzen. Euskadiko Elikagaien Bankua, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntzarekin, kate honetako beste katebegi garrantzitsu batez arduratuko da: menuen banaketaz. Ostalaritza-eskoletan prestatutako jakiak bildu eta hauek jaso behar dituzten pertsonei helarazteaz arduratuko da elkarte hori. Banaketa egiteko ontzi biodegradagarriak erabiliko dira.

Balioen inguruko prestakuntza

Premia handiena duten pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, Lanbide Heziketako arloen eta ikastetxeen arteko lankidetza-sare bat osatzeko ere balio du proiektu honek, menuak prestatzeko elikagaiak ematen dituzten banaketa-enpresak eta banaketan lagun izango diren gizarte-erakundeak ere ondoan daudela ahaztu gabe. Halaber, menuak prestatzen dituzten bitartean, Lanbide Heziketako ikastetxeetako sukalde eta tailerretara balioen inguruko prestakuntza eramateko —zeharka— aukera bikaina da, ikasleekin hainbat giza balio landuz, adibidez, elkartasuna, gizarte-konpromisoa, erantzukizuna edo enpatia.

Elkartasun-proiektu honen barruan, gainera, Cebanc Ostalaritza Eskolako ikasleek kontzientziazio-jardunaldi batean hartuko dute parte. Bertan, Caritas erakundeko hezitzaileen eskutik, euren hiri berean bizi diren eta prestatutako janari solidarioa jango dute gazte askoren eguneroko errealitatea ezagutuko dute.

Horren haritik, azpimarratu behar da, ekimena NBEren 2030 Agendaren 2., 10. eta 12. Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datorrela: Zero Gose (2. helburua); Desberdintasunak Murriztea (10. helburua); Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua (12. helburua).

ARGAZKIPAC, NPBren aitorpenen eskatzaileekin informazioa trukatzea errazten duen aplikazioa

Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB), birdefinitzeko prozesu betean dagoelarik, bere helburu transbertsalen artean dauka, besteak beste, nekazaritza sektorea digitalizatzea, ezagutzaren eta berrikuntzaren bidez. Horrenbestez, NPB laguntzen eskaeren esparruan, tresna digitalak sortzea aurreikusten da, onuradunen eta administrazioaren arteko elkarrizketa errazteko.

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiekin lankidetzan, telefono mugikorretarako aplikazio bat sortu du, kudeaketa sisteman integratuta, onuradunek proba grafikoen eskaerak jaso ahal izan ditzaten automatikoki, eta errazago erantzun ahal izan dezaten in-situ egindako argazkiak bidaliz. Aplikazioa NPB monitorizazioan kokatzen da, hau da, azaleraren araberako laguntzak kontrolatzeko prozeduraren paradigma aldatzen da, prebentzio eredu baterantz, nekazariekin interakzio handiagoa izatean oinarrituta.

Lan horren ondorioz sortu da ArgazkiPAC, IOS eta Androiden erraz erabiltzeko app-a, Euskadin NPBren laguntzak eskatzen dituen pertsona orok instalatu behar duena, hala eskatzen bazaio, laboreen deklarazioa baliozkotzen lagunduko duten argazki geoerreferentziatuak bidaltzeko. 2020ko kanpainan hasi zen erabilera probatzen, eta 2021ean onuradun guztientzat erabiliko da, oro har, Euskadiko NPB monitorizazioaren barruan. ArgazkiPACen baliozkoak diren erabiltzaile datuak eta pasahitza Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan bertan ematen dira, laguntza eskatzeko unean.

Lursailak monitorizatzeko prozesuak hala eskatzen duenean, laguntzak kudeatzen dituen aplikazioak automatikoki sortzen du web zerbitzuen bidez app-an erakusten duen informazioa:

 

  • eskuragarri dagoen azken ortoargazkiaren informazioa,
  • SIGPACen informazio eguneratua, eta
  • zer adierazpen ildori buruzko informazioa eman behar den.

Eskatzailea eskatzen zaion argazkiaren lekura joan behar da, eta, urrats sinple batzuekin, argazki geoerreferentziatu horiek hartu. Horiek automatikoki integratzen dira aplikazioan, gero NPBren monitorizazio tratamenduaren hurrengo faseetan berrikusteko, eta deklarazioa baliozkotzeko erabiltzen dira. Aplikazioa HAZI Fundazioak gainbegiratuta garatu da, eta beste urrats bat da NPB berriaren helburu transbertsalak lortzeko.

Ardoa MugaGabe Programaren laguntzen upategi onuradunak otsailean

Ebazpena, 2021ko abenduaren 9koa, HAZIko Zuzendari Orokorrarena Ardoa MugaGabe programaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa.

Dokumentua ikusi

Labeanek berrikuntza sozialerako beste bost proposamen gehitu ditu Arabako Mendialderako, Enkarterrirako eta Añanarako

LABEANek larunbatean aurkeztu zituen joan den irailetik garatzen ari den kosorkuntza- eta prototipo-prozesuaren ondorioak: Gizarte berrikuntzarako bost proposamen berri, proiektuaren jarduera-arloetarako: Enkarterri, Arabako Mendialdea eta Añana.

Saioa online egin zen eta Jone Fernández Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar politiketako zuzendariak parte hartu zuen.

Añanako eskualdeak energiarekin lotutako bi proposamen aurkeztu zituen:

  • Lehenengoa plataforma bat da, herrietan komunitate energetikoak martxan jartzearen ontasunaz sentsibilizatzeko tresnak dituena. Prototipoak, besteak beste, mezu hori zabaltzeko bideo bat egitea planteatzen du.
  • Bigarrena martxan dagoen proiektu bat da: Lasierrako Energia Komunitatea. Sustatzaileek komunitate horren abantailak azaldu zituzten: fakturetan aurreztea, gastuak murriztea eta herrietako baliabideak askatzea beste behar batzuetarako, kontzejuak eta udalerriak ahalduntzea, ikatza kentzea edo merkatu elektrikoaren gorabeheren mende ez egotea.

Enkarterriren proposamena Mugikortasun Laborategi bat izan zen. Aurkeztutako prototipoak pertsonen, udalerrien eta jarduera ekonomikoen arteko lotura hobetzeko 'esperimentuak' egitea proposatzen du, eskualdeen arteko kohesioa indartzeko eta baliabide iraunkorrak sortzeko. Hasiera batean, laborategia Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen mugikortasunean zentratuko da, beste udalerri batera joan behar baitute ikastera.

Arabako Mendialdeak bi prototipo aurkeztu zituen:

  • Lehena Mendimedia da. Eskualderako informazio eta komunikazio-plataforma bat da, eta bertan gaur egun dauden hedabideak biltzen dira, elkarren artean osa daitezen (webguneak, prentsa, irratia, bideoa) eta informazioa batera zabal dadin bide guztietatik, sare sozialetatik hasi eta Telegram-eraino.
  • Bigarrena ekintzaileen sare bat da, eta bere helburua da eremu horretako ekintzailetza dinamizatzea hain zaila den ekintzailetasunaren bidean hasi nahi dutenei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza emanez. Interneten egoteaz gain, sareak Arabako Mendialdeko Labean Gunean fisikoki kokatzea planteatzen du.

Bost proposamen horiekin, jada hamaika dira Labean proiektuak, garapen fase desberdinetan, landa garapen elkarteekin elkarlanean Añanako, Enkarterrirako eta Arabako Mendialdeko eskualdetan, Eusko Jaurlaritzak eta HAZI Fundazioak bultzatuta. 

Eusko Label haragiaren kontsumoko kanpaineko otzaren onuradunak

Eusko Label haragia saltzeko haragitegi baimenduetan Eusko Labeldun behi, txerri, bildotsa edo baserriko oilasko haragia kontsumitzeko kanpainan egindako otzaren zozketa egin da. 

ZERRENDA IKUSI

EUSKADIKO ELIKAGAIAK KONTSUMITZEKO KANPAINA

Labean esparruko hamaika proiektu, berrikuntza-motor gisa hautatuak

Hazi Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak Enkarterri, Añana eta Arabako Mendialdea eskualdeetan abian jarri duten Labean proiektuaren barruan despopulazioari aurre egiteko gizarte-berrikuntzako hamaika proiektu hautatu dira dagoeneko eta errealitate bihurtzeko prozesuaren fase ezberdinetan aurkitzen dira une honetan. Labean Sariak lehiaketan aukeratutako sei ideiak inkubazio-aldian daude jada, eta elkarrekin sortzekoak eta prototipoak egiteko lanetan beste bost proiekturen xehetasunak amaitzen ari dira.

Elkarrekin sortzeko prozesua pandemiaren ondorioz sortutako egoerara egokitu behar izan da, eta saioak online egin dira azken hilabeteetan. Prototipoa prestatzen ari diren bost proiektuak mugikortasun sozialarekin, energiarekin eta komunikabideekin lotuta daude. Urtarrilaren amaieran aurkeztea aurreikusten da.

Inkubazioa

Bien bitartean, Labean Sariak lehiaketan hautatutako sei proiektuak inkubazio-fasean daude. Prozesu honen helburua negozio-eredu bat sortzea da, oso hasierako bertsio batean, erronka bakoitzari irtenbidea emateko proposamen desberdinekin. Hori dela eta, inkubazio-prozesuak aldez aurreko zati bat du, non erronkaren gainean lan egiten den eta lehendik egin duten negozio-ideia edo -zirriborro bat sortzen den.

Hortik aurrera, inkubazio-lanak hiru hilabeteko iraupena du, eta epe horretan taldeek beren proiektuari forma eman beharko diote, euskarri izango duten negozio-eredu batekin. Lan hau aholkulariek gidatzen dute ordubete inguruko hiru saiotan, komunikazio-kanal digitalak erabiliz (kasu honetan Zoom tresna erabiltzen da). Saioetan taldeak erantzun beharreko hainbat galdera jartzen dira mahai gainean negozio-ereduaren lehen zirriborroa osatzeko.

Lortu nahi den azken helburua da proiektu guztiek dokumentu edo aurkezpen bat izatea ideia defendatzeko euskarri gisa erabili ahal izateko gizarte-erakundeen, bezeroen eta hornitzaileen, komunikabideen, inbertitzaile publiko eta pribatuen edota banku-erakundeen aurrean.

Ardoa MugaGabe 2020 Programaren laguntzen upategi onuradunak abenduan (III)

Ebazpena, 2020ko abenduaren 16koa, HAZIko Zuzendari Orokorrarena Ardoa MugaGabe 2020 Programaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa.

Dokumentua ikusi

Eusko Label esneaz egindako gaztak sortu dira, Euskadiko esne sektorearen lehiakortasuna handitzeko

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta HAZIk, Euskadiko gaztaginen ordezkaritza batekin batera, Eusko Label ziurtagiria duen behi, ardi eta ahuntz esneaz egindako sei barietate berriak aurkeztu dituzte, Arabako IZORIA ustiategian.

ARGAZKIAK

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak sei barietate berrien aurkezpenean nabarmendu duenez, Euskal Gaztak proiektuaren bitartez, “sektorea babestu nahi da, ekoizleei tresna berri bat eskainiz euren produktuak ahalik eta modurik balioetsienean iritsi daitezen merkatura, oraingoan, esnearen ziurtagiriaren bidez eta tokian eta kalitatez egindako barietateak gehituz. Finean, proiektu ireki bat da, helburua izanik Euskadiko gaztaren eskaintza dibertsifikatzea, ekoizpen sektoreari garapen komertzialerako aukera handiagoak eta tresna berriak emanez”. 

Hauek dira Eusko Label esneaz egindako gazten ezaugarri nagusiak:

  • Kalitate handiko gaztak dira, Eusko Label zigiluarekin ziurtatutako esneaz eginak, produktuaren kalitatea erakutsiz jatorritik bertatik. Bai esnearen produkzioak bai gazta egiteko prozesuak irizpiderik zorrotzenak betetzen dituzte, are indarrean dagoen Europako araudiaren gainetik.
  • Hemen egindakoak, Euskadikoak dira. Ekoizleak dira berreskurapen prozesu honen gidariak; izan ere, ekoizleek, askotan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako informazioa zute, eta, batez ere, aberastasun kultural eta gastronomiko hori berreskuratu nahi zuten.
  • Proiektuak produktu aukera zabala eskaintzen du: Esne mota desberdinekin egindako gazta lokalak aurkitu ditzakegu, zapore eta testura desberdinetakoak eta, beraz, erabilera eta kontsumitzeko une desberdinetakoak. Euskal Gaztak proiektuak, gazta aukera zabala eskainiz, aurrera egin nahi du Euskadin gaztaren kultura hobetzeko, askotariko gazta, errezeta eta zaporeak daudela erakutsiz, kontsumitzeko une eta modu desberdinak dituztenak.

Prestakuntza eta datuak

Ekoizleen prestakuntza giltzarria izan da, proiektuarekin Eusko Label esneaz egindako gazten eskaintza komertzial berria finkatu ahal izateko. 2019an eta 2020an zehar, 75 lagunek jaso dituzte ezagutzak euren elaborazioen eskaintzan barietate berriak gehitzeko, katalogoa handituz eta merkaturatzeko tresna berriak emanez. Euskal Gaztak proiektuaren esparruan egindako gaztak Euskadiko gaztagintzaren eskaintza indartzera datoz, hau da, kalitate eta jatorri ziurtatutako Idiazabal Jatorri Deiturak babestutako gazten eskaintza, kontsumitzaileek hainbeste baloratzen dutena.

Horrez gain, azpimarratu behar da 2020an 142 abeltegi erregistratu direla Eusko Label esnearen erregelamenduaren kalitatezko parametroak betetzen dituen esnea lantzeko, eta gutxi gorabehera 140.000 litro esne bideratu dira gazta mota desberdinak egitera, 18.000 kilo gazta ekoizteko.

Produktua merkaturatzeari dagokionez, aipatu behar da gaztak kanal komertzial desberdinetan salduko direla, hau da, zuzeneko salmentan, hurbileko azoka eta ferietan, hurbileko dendetan, delikatessen denda eta denda espezializatuetan, online kanalean eta banaketa handian. ç

Gazten bereizgarria etiketa da, zeinak bi zati baititu. Zati batek (ezkerrean) gazta barietatea identifikatzeko balio du, zein den animali jatorria, eta esnea ustiategikoa bertakoa den Eusko Label zigiluarekin, esne ziurtatua dela erakutsiz eta kalitate neurri zorrotzak betetzen dituela adieraziz. Eskuineko aldean marka komertzial bakoitzaren izena eta xehetasun grafikoak agertzen dira, nahitaezko informazio sanitarioarekin batera.

6 barietate berri

Barietate berriak: Fraisoro, Otzara, Saroi, Latxa Urdina, Txuria eta Auntzain, behi, ahuntz edo ardi esne mota desberdinekin eginak, zapore eta testura desberdinekin. Dibertsitate horrek kontsumitzeko une eta modu ugari eskaintzen ditu, izan bakarrik, bere horretan kontsumitu daitezke, edo plater askotako osagai moduan.

Fraisoro: behi gazta tradizionala

Euskal ilustrazio tradizionalek baserriko ogi baten eta intxaurren ondoan aurkezten dute. Euskal gastronomiaren enblema handietakoa izanik, artisau gazta leun horren jatorria Fraisoro nekazaritza eskolan ditu erroak (Zizurkil, Gipuzkoa), han sortu baitzen barietate hau XIX. mendean, elaborazio prozesu tradizionaletan oinarrituta, betiere etengabe berrasmatzeko eta hobetzeko prozesuekin. Adibidez, esnearen kalitatea hobetzeko, behi autoktonoak suitzar behiekin nahastu zituzten, eta gazta egiteko prozesuak xeheago aztertu zituzten. Lortu zuen ospearen ondorioz, beste gazta batzuek bere egin zuten izena, 1913an “Fraisoro Gazta” marka ofizialki erregistratu zen arte, 60ko hamarkadara arte egon zelarik aktibo. Urteko sasoi bakoitzeko esnerik onenarekin egiten da, esnearen indarraren arabera hautatuta, eta elaborazio prozesu konplexua du: gatzatua egonkortzeko erabiltzen den ontzia ur beroz inguratzen da, eta moztu egiten da, gazura errazago atera dadin. Prozedura delikatu horri esker, esne gainaren antzeko testura duen pasta bat lortzen da.

Otzara: amamen sekretu goxoa

Ardi esnea mimoz ontzea zumezko saskietan, samurtu arte. Horrela egiten zuten Euskadiko mendebaldeko amama gaztaginek, Enkarterritik Aiaralderaino, Otzara pieza bakoitza, etxean kontsumitzeko. Produktu gustagarri honi ‘saskiko gazta’ ere esaten zaio, eta ekoizteko prozesuak antzinako artisau teknika hori zaintzen jarraitzen du. Formatu txiki eta dotorea, egitura samur eta aurpegi horixka duelarik, gazta hau ohikoa da euskal azoka, taberna eta baserrietan. Zaporearen berezitasunaren oinarrian dago ardien elikadura zaindua, libreki bazkatzen baitira euskal lur aberatsetan, eta horrek ahalbidetzen die kalitate bikaineko esnea ematea.

Saroi: mendiko gazta

Euskal gaztarik zaharrena da, are baserriak baino zaharragoa, saroietan sortu baitzen; abeltzaintza edo artzaintzarako espazio arkaiko horiek jabetze komunalekoak izan ohi ziren, gerizan eraikiak, ipar haizeetatik babestuta, eta beharrezkoak ziren abereen transhumantziarako. Saroi gazta euskal kulturaren oinarrian dago, garai batean unaiekin bizi izan baitzen; unaiek euren txabolak zaindu eta abereak hazten zituzten, eta lurrean eserita jaten zuten. Gazta hau euskal esaera zahar, bertso eta ipuin ugaritan aipatzen da, eta errezeta unaien belaunaldiz belaunaldi igaro zen. Esan ohi zen “azeriei listua jariarazten" ziela. Gazta biguna da, leuna, gurin ukitu batekin eta neurri handikoa, elaborazioa esnea bera gordetzeko modu bat baitzen. Nahasketa da, abere taldeak espezie desberdinekin osatuta egoten baitziren (behia, ardia, ahuntza…).

Latxa Urdina: euskal gazta urdina

Gazta urdina Frantziatik dator, baina Latxa Urdinak berezitasun bat dauka: ardi latxaren esneaz eginda dago, eta horrek munduan bakarra izatea eragiten du. Gazta garbiaren antitesi moduan sortua, nortasun handiko gazta honek markatu egiten du bazkari edo afari oro. Zapore atsegina urruna iristen da mihian, eta intentsitatea, gehiegizkoa izan gabe, ahoan mantentzen da denbora batez. Elaborazio prozesua delikatua da, eta doitasun eta neurri zehatzak behar ditu. Harribitxi eskuzabal eta koloretsua, pikor gozoak eta zapore bizikoak konbinatzen dituena, ezin hobea zati txikitan dastatzeko. Latxa Urdina, gainera, ezin hobea da hainbat errezetari ukitu desberdin bat emateko, ogi txigortuan zabaltzeko edo saltsak ontzeko.

Txuria: freskoa eta osasungarria

Txuria gazta arina eta osasungarria da, eta sarri aipatzen da euskal folklorearen bertso eta kontakizun ugaritan. Izan ere, euskal gazta nagusia izan zen esne ekoizpen urriko garaietan, azkarren egiten dena delako, eta erraz kontsumitzen delako. Aitzitik, esne produkzioa handitzen zenean, mota honek behera egiten zuen, gaztaginek gazta ontzeko joera zutelako, esneak gehiago iraun zezan. Oraingo bizimoduari ondoen lotzen zaion gazta da, azkarra eta exigentea. Edozein ordutan jateko ezin hobea, gazta gaztea da, gorputza du eta indargarria da, kaloria gutxi izanik, bitaminaz eta proteinaz beteta baitago; horregatik, bikaina da familia osoarentzat. Txuria gazta azalik gabeko gazta bat da, erraz digeritzen da, eta ez dago prentsatuta ezta gatzatuta ere. Osagai bakarrak dira esnea, ura eta gatza, eta euskal larreak inguratzen dituen itsasoa gogoratzen du. Erraz integratzen da prestaketa desberdinetan, eta elikagai gozoen zein gazien zaporea nabarmentzen du, intentsitatea eta testura emanez.

Auntzai: aske hazitako ahuntzen gazta

Euskadin, Auntzai gaztaren tradizioa izen bereko mendilerroko zelaietatik dator, Araban. Inguru horrek muturreko klima dauka, eta ahuntzen hazkuntza ohikoa izan da XVIII. mendetik. Animaliak espazio natural malkartsuetan bizi ziren, haitz artean, leku aldapatsuetan, belar, sasi eta lorerik indartsuenak hazten diren lekuetan. Auntzai zapore eta usain biziko gazta da, eta libre bizi diren ahuntzen esne mamitsua –behienak baino nutriente gehiago ditu– onduz lortzen da. Enbor trinkoko gazta da, zulorik eta ebakirik gabea. Azal irregularra du, onddoek sortua, gogorra baina jangarria. Ebakitzen denean, krematsua da, lodia eta koipetsu samarra. Kolore homogeneoa duen arren, pixka bat iluntzen da erditik kanporantz, zuritik marfil kolorera doazen tonuak hartuz. Usainak ahuntz esnea gogorarazten du, eta zapore betea dauka, intentsitate handikoa, garratz puntua ematen dio ukitu lakteo batekin. Ezin hobea da aperitibo moduan puska txikitan zerbitzatzeko.

OHARRA:

Euskadin elikagai eta edari hauek daude marka publiko eta ofizialen babespean:

Eusko Label produktuak:

Euskal Okela, Euskal Baserriko Arrautzak, Euskal Baserriko Oilaskoa, Euskal Esne Bildotsa, Hegaluzea eta Hegalaburra, Euskal Esnea, Eztia, Arabako Patata, Gernikako Piperra, Euskal Tomatea, Euskal Babarrunak (Tolosa, Gernika eta Araba), Arabako Txitxirioa, Euskal Letxuga, Euskal Zerba, Oliba Olio Birjina Estra, Baserriko Txerria eta Arabako Zerealak.

Eusko Labelekin eginak:

Txerri eta behi okelarekin eginak, Euskal Ogia eta Euskal Gaztak.

Jatorri izendapenak:

Idiazabalgo Gazta, Araba, Bizkai eta Getariako Txakolinak, Euskal Sagardoa, Errioxako Ardoa eta Cava.

Ekoizpen Ekologikoa

Euskal Baserri:

Euskadiko frutak, barazkiak, lekaleak eta ortuariak: patatak, babarrunak, txitxirioak, piperrak, kalabaza, kuiatxoa, azenarioa, sagarra, kiwia… Euskadiko Kantauriko Hegaluze eta Antxoa kontserbak

Ardoa MugaGabe 2020 Programaren laguntzen upategi onuradunak abenduan (II)

Ebazpena, 2020ko abenduaren 14koa, HAZIko Zuzendari Orokorrarena Ardoa MugaGabe 2020 Programaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa.

Dokumentua ikusi

Euskadiko elikagaiak eta edariak sustatzeko kanpaina

HAZIk Euskadiko Elikadurar Klusterrarekin elkarlanean abian jarri du bertako produktuak sustazeko kanpaina Aupa zu! izenburupean.

Ekimenaren bitartez azpimarratzen da kalitatezko eta tokiko produktuak kontsumitzeak Euskadiko ekonomiari mesede egiteaz gain, besteak beste,  gure lurra,  kultura eta ohiturak sustatzen laguntzen duela

Eusko Label haragia kontsumitzeko kanpaina

Eusko Label harategietako Gabonetako ohiko promozioa gainera kanpaina orokor honen testuinguruan egin da. Harategi bakoitzak bere erosleen artean Euskadiko produktuez osatutako otzara bat zozkatuko du. 

Haragia saltzeko toki baimendutan Eusko Labeldun behi, txerri, bildotsa edo baserriko oilasko haragiko 10 euro bakoitzetik kupoi bat jasoko duzu Otzara Handi baten zozketan parte hartzeko. 20 eurokin 2 kupoi eta horrela jarraian. Kupoi hauek 2012ko urtarrilaren 9 arte lortu ahal izango dituzu eta 11an egingo da zozketa.

Ardoa MugaGabe 2020 Programaren laguntzen upategi onuradunak abenduan

Ebazpena, 2020ko abenduaren 9koa, HAZIko Zuzendari Orokorrarena Ardoa MugaGabe 2020 Programaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa.

Dokumentua ikusi

BASQUE WINE sustapen marka erabiltzeko eskaera epea ireki da, Euskadiko edarien sektoreari zuzenduta

Ireki da BASQUE WINE sustapen markaren babespekoak izan daitezkeen operadoreentzat, marka hori beraien ekitaldietan, ekintzetan edo aurkezpen komertzialetan erabiltzeko lizentzia akordioak sinatu ahal izatea eskatzeko. BASQUE WINE marka HAZIk erregistratutako marka da, sustapen ekintzetan erabiltzeko, eta kontsumitzaileei merkatuan aurkitu ditzaketen euskal edariei buruzko ezaugarriak jakinarazteko tresna baliagarria izatea nahi du, edariak sustatzeko eta COVID-19ak ekarri duen HORECA kanalaren itxieraren ondorioz sektore honek pasatu duen egoera zaila arintzeko asmoarekin.

Izendapen eta logotipo babestuaren erabilerarako lizentzia emango zaie edari hauek ekoizten edo saltzen dituzten enpresei: “Basque Beer” taldeko markaren babespeko edariak, “Txakoli de Alava-Arabako Txakolina”, “Bizkaiko Txakolina-Txakoli de Bizkaia”, “Txakoli de Getaria-Getariako Txakolina” eta “Euskal Sagardoa” jatorri izendapena dutenak, eta, “Errioxa” JIKren kasuan, gutxienez %85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsez egindakoak eta etiketan hala egin direla zehaztuta dutenak (zonako ardoak, udalerriko ardoa edo mahasti bereziak).

Ardoa Basque Wine Office Euskadiko edarien sektorearen koordinaziorako bulegoa (Ardoa Basque Wine Office) arduratuko da eskaerak kudeatzeaz, Erabilerarako Lizentzia Kontratuak izenpetzeaz, eta operadoreei euskarri grafiko digitalak bidaltzeaz, eskatzaileek egokitzat jotzen dituzten euskarri, ekitaldi edo komunikabideetan erabil ditzaten. ARDOA Basque Wine Office Eusko Jaurlaritzaren koordinazio bulegoa da, eta bere zeregina da Euskadiko edarien industri sarea osatzen duten markak bultzatzea eta sustatzea.

Erabilerarako Lizentzia Kontratuak eskuratu edo horien gainean zerbait jakin nahi duten pertsonek edo enpresek HAZIren telefonora deituta (945 00 32 40/94 603 03 30) eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. posta elektrikora idatzita lortu ahal izango dute informazioa.

scribdicon

HAZI. Egoitza Nagusia. Granja modeloa z/g 01192 Arkauti, Araba. IFK. G48986137  l T 945 00 32 40 | hazi@hazi.eus | Pribatutasun Politika | Ohar Legala | Urrutiko Kontrola